XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baigorriarrak Frantses iraultzaren alde.

Frantses iraultza aipatzen delarik gogoan daukate hanitzek nola beren etxetarik kasatu zituzten Lapurtar asko, bereziki mugatik hurbil bizi zirenak, Itsasuarrak, Ainhoarrak, Azkaindarrak, Saratarrak eta bertze, nola ereman zituzten Landesetarat, frantses iraultzaren kontra zirelakotz, 1793-1794 urteetan.

Denbora berean Baigorriarrak eta Baigorriko ibarrean bizi zirenak, Harispe zutela aintzindari, euskaldun xazurretan engaiatuak ziren eta gudukatzen ziren Espainiolen kontra.

Errepublikako armadetan sarturik.

Huna beraz alde batetik Lapurtar batzu gaizki erabiliak, herbestuak, traidore gisa hartuak eta bertzetik Baigorriarrak errepublika zale bilakatuak.

Baigorriarren ibil-molde horren konprenitzeko historiari behar zaio soako bat egin.

Zatikatu zelarik 1520-1530 arte horretan Nafarroako erreinua Baigorriko ibargaraiko eremua, kintoa deitzen dena mugarik gabe egon zen, no mas land gisara.

Kinto horretarat zoatzin kabalak alatzerat, bai Baigorritik eta bai Erro-tik.

Frango kataska izan zen, bakoitzak bereganatu nahiz eremu osoa.

Karia horretarat Baigorriarrek sortu zuten Aldude eta hori ikusirik Errokoek eraiki zuten etxe bat Aldudeko plazan harri batean Esta casa es de Val de Erro daukana.

XVIII. mendearen bigarren zatian Frantsesak eta Espainiolak solastatu ziren, Ornano kondea Frantziarentzat eta Caro zalduna Espainiarentzat mugaren eraikitzeko.

Jakin zutelarik Baigorriarrek zer erabaki zuten joan ziren Ornano-ren ikusterat, bainan debaldetan.

Baleako biltzar nagusi bat egin zuten 1785-eko agorrilaren 12-an eta gutunak igorri Vergennes eta Segur Konde minixtroei.

Erregek (Luis XVI. zen orduan) onetsi zuen Ornano-k eta Caro-k hartu zuten akordioa eta 1785-eko agorrilaren 27 an Elizondon sinatua izan zen mugaren hitzarmena.

Halere ez zuten Baigorriarrek onartu hitzarmen hori eta berdin igorri zituzten kabalak mugaren bertze alderdirat.

Protestak izan ziren Gramont dukearen bitartez eta Nafarroa behereko estaduek, hori baitzen Baxenabarreko biltzar nagusia, gutun bat baino gehiago igorri zizkion Erregeri.

Azkenean epez epe Elizondoko hitzarmenaren sinadura ez zen birretsi ez Madrilen eta ez Parisen.

Frantses iraultza hasi zenean ez zen oraindik egina birreste hori.

Bainan bazakiten Baigorriarrek egun batez eginen zela Borbone-ko familiakoak zirelakotz Madrilen eta Parisen.

Kinto-ko lurren berreskuratzeko asmoan errepublikazale bilakatu ziren eta jadanik 1792an hasi ziren engaiatzen euskaldun xazurretan, ez bakarrik mugaren zaintzeko bainan Kintoko ala-eremuen bereganatzeko, garrantzi haundikoak baitziren mendi-eremu horiek beren artaldeentzat.

Hasi zelarik gerla Espainiolen kontra Luis XVI. hiltzearen ondotik kuraia haundirekin gudukatu ziren Baigorriarrak eta Baigorriko baleakoak.

Aldudarrak bereziki.

Arrola, Berdaritz, Izpegi-n bataila gogorrak izan ziren urte oso batez, mendi kaskoak eta lepoak galduz eta berriz hartuz.

Gero 1794-ean sartu ziren Baztanen, Erro-n eta Luzaiden eta gerla bururatu zelarik 1795 Bampacirc;le-ko hitzarmenarekin erabakia izan zen mugaren eraikitzeko izendatuko zirela gizonak mendi kaskoak hartuz bien arteko mugarentzat.

Napoleon, Luis XVIII. Charles X., Louis Philippe pasatu ziren deus egin gabe.

Azkenean Napoleon III.ren garaian 1856-an, sinatu zen hitzarmena, Elizondo-n sinatu zen parekoa ez zituztela mendi kaskoak kontutan hartu.

Geroztik hala da.

Ez ote ziren debaldetan gudukatu frantses iraultza denboran? J.H.